Religion

SAN JOAN GURUTZEKOA
Joan Gurutzekoa 1542. urtean munduratu zen, Avilako probintziako Fontiverosen. Gurasoak, Gonzalo de Yepes eta Catalina Álvarez, ehuleak ziren[1]. Hiru urte zituela, aita eta anaia gazteena hil zitzaizkion. Amak, familia aurrera ateratzeko, hainbat herritan lan egin behar izan zuen, harik eta 1551n Medina del Campora iritsi ziren arte. Garai hartan, Medina del Campo Iberiar goi-lautadaren iparraldeko hirigunerik handien eta aberatsenetako bat zen. Han, anaia nagusia ezkondu zenez, familiaren egoera ekonomikoa zertxobait hobetu zen eta Joan eskolara joan ahal izan zen. Beti ere, txiro nabarmena zenez gero, ikasketen kontraprestazio gisa elizmutil lanak egin behar izan zituen (meza ematen lagundu, limosnak jaso, hiletetan parte hartu...)[1].
Eskola horretatik jesuiten kolegio batera joan zen giza zientziak ikastera. Ikasketak ordaindu ahal izateko, Nuestra Señora de la Concepción de Medina ospitalean lan egin zuen. 1559-1563 bitartean egindako ikasketek latina guztiz menperatzea ahalbidetu zioten. Horrela, itzulpenez gain bere idazlanak ere latinez idazteko gai izan zen. Ikasle giro hartan, garaiko humanismo kristau berriaren erakusbidek («ratio studiorum») ezagutzeko aukera izan zuen.
1563an Medinako karmeldarren komentuan sartu zen nobizio, Juan de Santo Matía izenarekin[1]. Profesa egin ondoren Salamancan Arte-batxilergoa ikasi zuen. 1567an apaiztu eta Medinara itzuli zen lehen meza ematera. Bertan Teresa Avilakoa, karmeldarren ordena erreformatzen hasi zen lekaimea, ezagutu zuen. Hark bezala, Joanek ere ordena erreformatu nahi zuen, eta behinola izandako soiltasuna eta zorroztasuna berreskuratu, Aita Santuaren erabaki berezi bati esker baztertuak baitzituen ordenak. Santa Teresaren akuilurik gabe, San Joan, izpiritu delikatukoa eta osasun ahulekoa, ez zen ziur aski oso urrutira joango bere asmo erreformatzaileetan. Baina Teresaren indarrak bultzatu zuen, mojen parez pare, Karmeloko fraideen erreforma egitera, eta Karmeldar Oinutsen ordena sortzera[2].

Joan Gurutzekoaren hilobia, Segoviako karmeldar komentua.
1567-68 ikasturtean Salamancara itzuli zen Teologia ikastera, baina berehala Teresarekin batera Valladolidera joan zen oinutsen ordena ezartzera. 1568an, oso bitarteko gutxirekin, Karmeldar Erreformatu edo Karmeldar Oinutsen lehen monasterioa sortu zuen Duruelon, eta orduan hartu zuen fray Juan de la Cruz izena. Ordutik aurrera, gero eta zeresan gehiago izan zuen karmeldar erreforman; bera izan zen, Teresa Avilakoarekin batera, Karmeldar oinutsen artean karisma berria zabaltzen lan gehien egin zuen erlijiosoa. Beste monasterio batzuk fundatu ondoren, 1572an, Teresa Avilako etxe nagusiko abadesa egin zutenean, Joan izendatu zuten komentu hartako zuzendari espirituala[2].
Karmeldarren erreformak gatazkak sortu zituen Oinutsen eta Oinetakodunen artean. Berehala hasi zen Oinetakodunen erasoa, erreforma gerarazi nahi baitzuten. 1577ko abenduko gau batean fraide talde batek, jende armatuaren laguntzaz, preso hartu zuen Joan Avilako komentuan; Toledora eraman zuten eta karmeldar komentuko lurpeko ziega batean itxi. Han era guztietako nekeak, umiliatzeak eta bortxa espiritual eta fisikoak pairatu behar izan zituen. Zortzi hilabete preso eman ondoren, ihes egitea lortu, eta Teresaren laguntzarekin Almodóvar del Campoko monasterio batean babesa aurkitu zuen. Garai hartantxe onetsi zituzten Oinutsak Karmeldarren Ordenako sail independente moduan; hala, amaitu egin zen San Joanen esetsaldia, eta lan egin ahal izan zuen komentu berriak antolatzen eta zuzentzen, eta orobat izan zuen orduan idazteko beta[2].
Andaluziara joan, eta hantxe egin zituen azkeneko urteak. Artean ere arazo asko izan zuen ordea: erreformari buruzko iritzi desberdinak zirela eta, 1591n karguak kendu zizkioten eta, berriz ere, neke gogorrak jasan behar izan zituen. Haren nagusien asmoa Mexikora bidaltzea zen. Urte horretako abuztuan, Andaluziara bidean, geldialdi bat egin zuen La Peñuelako komentuan (La Carolina, Jaén). Han idatzi zituen bere azken eskutitzak. Eritu zenez gero, irailean Úbedara eraman behar izan zuten[1], eta hantxe hil zen abenduaren 14an.
1657an dohatsu aitortu zuten, eta 1726an Benedikto XIII.ak kanonizatu zuen. 1926an Pio XI.ak Elizako Doktore titulua eman zion eta honen ondorengoak, Pio XII.ak, gaztelaniazko poeten zaindari izendatu zuen.





- aqui tenemos el link del crucigrama de teresa:

 GURUTZEGRAMA




  


Powered by emazeç





THOMAS MERTON EMAZE





Powered by emaze



Powered by emaze